XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tenporak

Zenbat xaltxa sortu duten eta zenbat buruhauste tenpora dontsu eta ditxoso horiek!

Argitzerik balego nondik datorkien gure Euskalerri honetan horrenbeste atxikimendu eta debozio?!

Ez apuratu, saiatuko gara, denboraz eta asti apur bat harturik, kontu horiek non erroturik ote dituzten bere zuztar aspaldiko eta hain zaintsuak.

Baina, aurrez, gaur egun Elizaren baitan tenpora egunak zertan gelditu diren erreparatu behar dugu.

Ez dadila gerta, lehenagoko tenpora zaharrak, koarta-tenporak, gaur Elizak ez dituelako ospatzen, guk pentsatzea, iadanik ez dagoela haien ez arrastorik ez eta ezer ospatzeko arrazoin pulamentuzkorik.

Ezeri heldu badio Elizak tenporen funtsa pulamentuzkoari heldu eta eutsi nahi izan baitio.

Funtsa pulamentuzkoa

Urriak 5a oso gogoan gorde behar duen data da kristau formal eta natural batetzat.

Hilabete honen hasieran santu ilara haunditxoa dago gu, oraindik behintzat, aise akordatzeko data horrekin.

Debozio gehiago diegu santuei eta Errosario egunari, agidanez, geure probetxu erabatekorako Elizak prestatu dizkigun tenpora egun apenas ezagutzen ditugun hauei baino.

Ez al gabiltz preokupazioz buruz gain eginda, hainbat arazo, eginkizun eta buruhauste?

Hiru egun patxadan hartu, eskuen artean daramagun bizitzeari erreparatu trankilxeago, Jauna eskertu bihotzez, hutsegiteen barkazioa eta ahuldadentzako errukia bilatu, etra ezin guztiak libratzeko laguntza eta mesedeak zintzo eskatu... ez al da programa egokia?

Hori urtean behin, lasai eta trankil, hiru egun horretarakoxe propio libre seinalatuta... ez ahal da posible?

Edo hain zaila gertatzen ote da?

Non da abade eta apaizen irudimena, hau ongi antolatzeko?

Arantzazuko madariondoak uzta ugari eman dute.

Urteko proiektua

Normalenean, urteak koxka handitxoa hartzen du uda partetik udazken alderako errebuelta horren inguruan.

Oporrak, beren inguruan sortzen diren gorabehera guztiekin batera, ahitu eta agortuak daude sasoi honetarako.

Laneko pausoak, motelantxean hasitakoak, dagoeneko sendotuxeak dira tailer, fabrika, lantoki eta bulego gehienetan.

Eskolak eta inguruko jolaslekuak txilioz eta garramistoz beteak daude.

Bizitzea bere ohiko ixuria eta usadiozko bidera egokitua ageri ohi da.

Ez da, ez batere sasoi txarra kurtsoaldia eta urtearen abiada nolatsu joan daitekeen aztertzeko eta proiektatzeko.

Izan ere, urtearen hasiera naturalena eta normalena sasoi hauxe baita.

Urtarrilaren lehena, urteberriarena, berez, egutegia aldatzeko eta berritzeko gelditu da soilik: han ez da gure eguneroko martxaren eta bizibidearen koxka ttikienik ere nabarmentzen.

Urriaren hasierako sasoi honetan, lehenxeagotik abiatuta noski, baina, hemen bai, hemen koska nabaria eta markatua bilakatzen da.

Meza-liburua gidari

Meza-liburuan argi mintza zaigu Elizama Urriarren 5erako: Udako oporraldia eta uztabiltzea bukatu ondoren, eta urteroko langintzari hasiera ematerakoan, kristau elkarteak Eskari eta esker onezko otoitz-egunak ospatzen ditu.

Eta, ez egun bat, 3 nahi ditu har ditzagun horretarako.

Erreparatu honako honi: Gutxienean, urriaren 5ean egingo da ospakizun hau (edo 6an, 5a igandez gertatzen denean) aurtengo kasua juxtu; baiña, ahal dela, gauza egokia izango litzake, ospakizun hauek era zabalagoan egitea, horreterako aste honetako beste zenbait egun hartuz.

Hala ere, lekuan lekuko egoera kontuan izanik, beste garai batean ere egin daitezke ospakizun hauek, egokia dela ikusten bada.

Noiz eta nola?

Hori dela, hain zehazki, eta horrenbesteko erraztasun eta ahalbideak emanez, horrelaxe dio Meza-Liburuak bere 568. orrialdean.

Meza xorta ondroso eta ongi luzitua dakar gero bertan.

Bai egun bakarrean ospatu nahi denerako, intentzioak denak batean bilduz, eta baita egun banatan, patxadan egin nahi denerako; eta bigarren kasu honetarako egin du lan batipat liturgi-batzordeak.

Esker onezko egunerako 2 meza prestatu ditu propio, otoitz zoragarri eta ongi landuak pronto ekarrita.

Penitentzi eguna meza batekin prestatu digu, eta Elizari inporta zaio noiz ospatu egun hori.

5aren ondoko ostirala gomendatzen digu (tenporetako 2. eguna bezalaxe), eta 5a ostiralez egokituko balitz, urriaren 6an, nahiz hurrengo asteko edozein egunetan.

Giza lanaren aldeko eskari-eguna ere 2 meza-formulaz hornitua utzi digu Meza-Liburuak.

Hau guztia egoki ospatzen ez badugu, norengan dago errua?

Ez garela ohartu horretaz?

13 urte dira Meza-Liburua, euskera argian, gure Elizbarrutiek eskura jarri zigutela.

Astirik izan da aukeran, penitentzi eguna ospatuko bagenu, sikira, horren errua aitortu beharko genuke apaiz eta fraile batzuk, nik uste...

Hori bakarrik?

Urriak, udazken girotan, soro-barrutietako uztak gehienbat bildu eta mandioetaratu ostean, badu Meza-Liburuan, aukeran ipini zaigun beste meza bat, 2 otoitz egoki eder eta dotoreak aukeratzeko dituena: Uzta bildu ondoren ospatzekoa.

Urriko astegunen batean, nola ez eskertu Jainkoa, hainbat egunetako buruhausteak burutu direneko uzta-biltzearekin, konformidadez.

Hau, bai herri eta auzo laboraridunetan eta baita kaleko parrokia eta elizetan ere.

Kaletarrak ere akordatu behar du, dendako apaletan edo okindegitik eskura etorri zaion ogi berri horretan eskulan askotxo eta izerdi-tanto dezente, bere kideenak, daudela gordeta...

Meza-Liburuan 734. orrialdean dator mez hori.

Eta irakurgaien Liburuan, irakurgai bereziak, gainera.

Ereite-aroan

Uztarenak ekarri ditugu gogora Urriaren 5eko Eskari eta Esker onezko Otoitz-egunak direla eta.

Horiek baitira aspaldiko koarta-tenporen ondorengo egunak.

3 egun berezi eta seinalatuak merezi dituztenak, zalantzarik gabe.

Baina, jakina, uzta bildu nahi bada, ereileak ere irten beharko du bere garaian.

Eta kontuak hartuak ditu Elizamak horretan ere.

Azaroan, hala esaten zaigu, komeni dela Ereite-aroari erreparatuz, aste barruko egunen bat seinalatu eta meza propio intentzio horietarako ematea.

Bi meza-formula prestatu dizkigu Meza-Liburuak, 733-4. orrialdeotan, uztarekin bezalaxe, ereite-lanekin ere, bai laborariek eta baita kaletarrek ere, ohartu behar dute Jaunaren laguntza hortxe iristen zaigula, disimuloan ia beti, eguraldi jiroen konpasean, eta horrelaxe mantentzen gaituela, ez mantenuz soilik, baizik baita elkarren laguntza beharrean eta eguraldi eta denboren (tenporen) mendean ere.